BEREZIAK

2017(e)ko otsaila 18, larunbata

#o18ebaluazioa topaketa herritarrak


“Ebaluazioa eztabaidara” topaketak antolatu ditu gaur Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean. Bertan 48 lagun bildu gara eta egungo ebaluazio sistemaren inguruan eztabaidatu dugu.

Hemen topaketen inguruko informazio eta bitarteko guztiak: KLIK HEMEN

Ondorengo txio sortan Twitter bidez egindako jarraipena ikusi daiteke:



Hasteko Marian Bilbatua Hezkuntza Doktorearen hitzaldia izan dugu. Bertan, egungo ebaluazio ereduak dituen gabezi eta mugak azaleratu dizkigu. Baita bestelako eredu batera salto egiteko beharra azpimarratu ere. Bilbatuaren ustez egungo ebaluazio eredua erabat uniformitzailea da. Ez du hobekuntzarako balio eta ebaluazio integrala egin beharrean ikasleari nota bat jartzera mugatzen da, kalifikatzera.

Honen aldean, modu partekatu eta kolektiboan ebaluazio integral eta hezitzailearen aldeko ideia azpimarratu du. Akatsak ikasteko baliatu eta modu positiboan testuingurua kontutan hartuta garatuko den eredu bat defendatu du hezkuntzan aditua den Bilbatuak.

TALDE DINAMIKA

Talde dinamika kolektiboa egin eta hauek dira atera diren ondorio nagusiak:

  • Egungo ebaluazio eredua kaltegarria da
  • Ikasleak sailkatzeko erabiltzen ari da
  • Ez du balio ikasleen gabeziak identifikatu eta aurrera egiteko
  • Emaitza hutsetan jartzen du arreta eta ez prozesuan
  • Hezkuntza sistema guztia baldintzatzen ari da
  • Politikoki erabiltzen ari dira, gobernuen interesen arabera, doktrinamendurako
  • LOMCEren araberako ereduaren kopia inposatzen ari zaigu
  • Ikaslea zentroa izan behar da eta sistema osoa ebaluatu beharko litzateke
  • Azterketak garrantzi osoa hartzen ez duen bestelako eredua planteatzen dugu
  • Ebaluazioa prozesu bat izan behar da eta alde emozionalak ere tokia izan behar du ikaslearen garapen osoa kontutan hartu nahi badugu
  • Eredua aldatu, prozesua ebaluatu eta ebaluazio jarraiaren bitartez hezkuntza sistema osoari ekarpena egin behar diogu.

LOMCE eta HEZIBERRIri PLANTO!

Mezu argia bidali nahi du gaurko egunean. Ez dugu LOMCEren araberako ebaluazio eredu atzerakoi eta zurruna partekatzen ezta onartzen ere. Hori dela eta, aurten ere, gaurko hausnarketaren ondorioz, LOMCEk agintzen dituen eta HEZIBERRIk asumitu dituen azterketei planto egingo diegu.

Dei egiten diogu, gainera, hezkuntza komunitateari eta herritarrei, bide honetan aurten ere planto dinamika masiboa gurekin batera antolatu eta garatu dezaten.

Bai EAEko Hezkuntza saila zein Nafarroakoa LOMCE aplikatzen ari dira. Gure egunerokoan LOMCE ikastetxeetan sartu digute, atzeko atetik. Hori dela eta, iaz, Lehen Hezkuntzako 3. mailako azterketari 178 ikastetxetan planto egin genuen.

Aurten Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailan, DBHko 4. mailan eta baita batxilergoko 2. mailan LOMCEren araberako azterketak izango ditugu. Guzti horiei planto egiteko deia luzatzen dugu.

Gainera, salatu nahi dugu aurten ere Hezkuntza sailen aldetik oraindik-orain inolako informaziorik eman ez dutela. Aipatu azterketako egiteko 3 hilabete soilik falta diren honetan, ez ikastetxeei, ez familiei, ez irakasleei, ezta berritzeguneei ere ez zaie inongo informaziorik helarazi.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina